Hiru aldiz munduko duatloi txapelduna, Emilio Martín, ‘Desafío Doñana’-ren enbaxadore Expovacaciones-en

Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia, Bilbao Triathlon eta Head Epic Landus Swin Run Series frogen ordezkariekin batera, azokaren turismo aktiboko programan parte hartuko du

Emilio Martín munduko eta Europako hainbat lehiaketetako urrezko, zilarrezko eta brontzezko hamar domina dituen duatloiaren mitoa da, eta maiatzaren 10ean Expovacaciones-en izango da. Turismoko Esperientzia eta Joera Berrien Eremuan parte hartuko du Desafío Doñana frogaren enbaxadore gisa, huelvar atletak azken hiru edizioetan irabazi duen duatloia, alegia. Azokaren lehenengo egunean egingo den mahai-inguruaren protagonistetako bat izango da Martín. Bertan izango dira baita ere Zarautz Balea Igeriketaren ordezkariak, Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiaren antolatzaileak, eta Bilbao Triathlon eta Gasteizko Head Epic Landus Swin Run Series frogaren arduradunak.

37 urteko Andaluziako kirolaria pil-pilean dago; izan ere, pasa den asteburuan Pontevedran egindako Munduko duatloian bigarren postua lortu du. Emilio Martín zilarrezko domina lortu zuen lehiaketa horretan, baina bere ibilbidea ikaragarria da: munduko hiru lehiaketa -Nancy (Frantzia), 2012an; Adelaida (Australia), 2015ean; eta Avilés 2016an-, eta zilarrezko 6 domina eta brontzezko bat, mundu mailako txapelketatan. Europako lehiaketei dagokienez, 2017an Sorian urrea lortu zuen, eta baita zilarra eta brontzea ere 2015eko eta 2018ko edizioetan, hurrenez hurren.

Martín Expovacaciones-era dator bere lurraldeko Desafío Doñana froga sustatzera. Lasterketa hori oso zorrotza da eta froga hauek ditu: Cádizko hainbat herritik igarotzen den 100 kilometroko ibilbidea bizikletaz, kilometro bat igerian Guadalquivirren bokalean eta Doñanako Parke Naturaleko zirkuitu batean 30 kilometroko lasterketa oinez. Andaluziako Juntako Turismo eta Kirol Kontseilaritza eta Triatloiko Andaluziako Federazioa, eta baita eremuko udaletxeak ere, dira froga honen sustatzaileak.

Expovacaciones-ek Turismoko Joeren eta Esperientzien Eremua izena duen atala antolatu du edizio honetan; zeinaren xedea kirolagatik, sukaldaritzagatik edo abenturengatik interesgarriak diren helmugak sustatzea den. Argudio honen ildotik, ekimen hori bost ataletan zatitu du: cycling, running, ur-kirolak, gastronomia eta abentura-turismoa. Horietako bakoitzak hitzaldiak, konferentziak edo mahai-inguruak izango ditu; eta, bertan, adituek ekimenen onurak azalduko dituzte. Emilio Martín, hortaz, bere lurraldeko lasterketa aurkeztera doa; izan ere, irailean froga honen 10. edizioa egingo da.

Aldi berean, BECeko turismo-azokak turismoaren arloan erakargarriak diren hainbat kirol-jarduera eskaintzen ditu. Beraz, ostiralean bertan, mahai-inguru horren esparruan, I Indoor BEC Triatloia egingo da 15:30tik aurrera. Orain arte, gizonezko lau taldek eta zazpi talde mistok eman dute izena. Maiatzaren 11a, larunbata, running-aren eguna izango da. Jardunaldiko kirol-froga II Torre BEC Extreme izango da; 16:00etatik aurrera, bulego-dorreko 19 solairuen 626 eskailera-mailak igoko dira. Parte-hartzaileen zerrendak 71 izen ditu dagoeneko. Eta, azkenik, igandean txirrindularitzan jarriko da arreta. Modalitate honetako zenbait aditu egongo dira eta Fran Alonsok bi spinning masterclass emango ditu 15:30ean eta 18:00etan.

Egun horretan bertan, goizean, Méridako dehesa bat, Plentziako itsas upeltegia, Rafa Gorrotxategiren gozogintza eta Nafarroako Kontserbaren Museoa Esperientzia Gastronomikoak hitzorduaren protagonistak izango dira.

Gainera, Expovacaciones-ek bere ohiko turismo-eskaintzak izango ditu, ia autonomia-erkidego guztiak ordezkatuko dituzten hainbat stand-etan. Horietan zenbait herrialde egongo dira ere bai, hala nola Iran, Dominikar Errepublika, Kuba, Maroko, Portugal, Frantzia edo Andorra. Azkenik, caravaning atalean, hogei bat markek autokarabanen eta mobil home-n munduko ibilgailu eta osagai berrienak aurkeztuko dituzte.

-ek idatzirik|2019-05-03T12:42:14+02:002 de maiatza de 2019|Albisteak|

Leave A Comment

Go to Top