Asteburu honetan Expovacaciones azokaren beste edizio bat izango da Bilbao Exhibition Centre-n

Urriaren 1etik 3ra azoka-esparruko 1. pabiloian

 

Garaiak aldatzearekin batera, munduan zehar mugitzeko moduak ere aldatu egin dira. Gaur egungo bidaiariek, helmugara iristean, bazterrak ikusi, gastronomiaz gozatu eta kirol-probaren batean parte hartzeko asmoa izaten dute. Turismo-kontzeptu berri hori berrituta dator Expovacaciones-era. Urriaren 1etik 3ra izango da, Bilbao Exhibition Centre-n. Aurtengo edizioa urriaren 1ean, ostirala, inauguratuko da, eta bertan izango da Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua Javier Hurtado. Edizio honek eskaintza zabalagoa eta jarduera berriak aurkeztuko ditu udazkeneko, neguko eta udaberriko txangoak prestatzeko.

Azokako erakusketa-eremuan 163 parte-hartzaile izango dira, Espainiako ia helmuga guztietakoak: Aragoi, Asturias Paraíso Natural, Valentziako Erkidegoa, Bilbo-Bizkaia, Euskadi, Costa Cálida-región de Murcia, Andaluzia, Bartzelona, Costa Brava, Extremadura, Nafarroa, Kanariak, Balearrak, Gaztela eta Leon, Kantabria, Gaztela-Mantxa, Valladolid edo Galizia, besteak beste, Portugal edo Marokoz gain. Gainera, hainbat bidaia-agentzia izango dituzte; esaterako, Viajes Eroski, Viajes Azul Marino edo Viajes Ikea.

Horrela, Expovacaciones-ek bidaiatzeko modu berri hori hurbilduko dio bidaiariari “Experimenta y Saborea” lelopean. Azoka doakoa da, baina gonbidapena behar da. Experimenta Expovacaciones kirol- eta abentura-turismoari eskainitako eremu bat da, eta bisitariek hainbat proba eta esperientzia ezagutu ahal izango dituzte profesional onenen eskutik.

Hitzaldien lehenengo jardunaldiaren gaia surf-ekitaldi eta udalekuak izango dira, eta ondorengoak parte hartuko dute: Andrés Otero, Pantingo Classic Surf Pro (Galizia) Surf Txapelketaren komunikazio-zuzendaria; Jokin Arroyo, Punta Galea Challengeren (Euskadi) lehia-zuzendaria; Carlos Meana, Salinaseko (Asturias) Surf Music and Friends jaialdiaren zuzendaria; eta Patxi Pardiñas, Moana Surf House-koa (Bizkaia). Hurrengo egunean, urriaren 2an, larunbata, hitzaldiak lasterketa edo trail izenekoei buruzkoak izango dira, eta hauek emango dituzte: Javier Bernabé, Peñafieleko (Valladolid) Udaleko turismo-zinegotzia, III Ribera Run Race/Experience-ren ordezkari gisa; Zigor Iturrieta, Transgrancanaria 2022-ko antolaketa-taldeko kidea eta Mikel Andollo, Laboral Kutxa Bilbao Menditrail-eko (Bizkaia) kirol-zuzendaria. Amaiera txirrindulari-lasterketek emango diote, eta hauek izango dira bertan: Juan Carlos Nájera, Orbeako ekitaldi-zuzendaria, zeinak Orbea Monegros (Aragoi) aurkeztuko baitu; Zohiartze Amatria, Pirenaica Cycling Experience-ko komunikazio-arduraduna; Fernando Blasco, HU108-ren (Huesca-Aragoi) zuzendaria; eta Virginia Berasategui, Bizi Cycle Tours-ekoa.

Kirol-probak ere izango dira edizio honetan; esaterako, BEC Extreme Dorrea: dagoeneko 116 pertsonak eman dute izena, eta haietatik 32 suhiltzaileak dira. Urriaren 2an, larunbata, izango da, 15:00etatik 18:00etara. Gainera, ostiralean, II. Indoor Expovacaciones triatloia izango da, taldeka, 15:15etik 18:15era. Lasterketan, parte-hartzaileek 1 km egin behar dute arraunean, 5 km bizikletan, eta 2 km korrika. Igandean II. Indoor triatloia izango da, banaka, eta izena ematen dutenek 1 km egin behar dute arraunean, 3 km bizikletan, eta 1,5 km korrika.

Saborea Expovacaciones-en, bisitariak hainbat autonomia-erkidegotako berezko produktuez gozatu ahal izango du, eta informazio gehiago aurkitu turismo gastronomikoko oporraldiak antolatu ahal izateko. Igande-goizean, gutxi gorabehera 12:30etik 14:00etara, Turismo gastronomikoa izango da, eta, haren harira, erreferentzia gastronomikoko hainbat helmugaren hitzaldiak izango dira. Haien artean, Aceite Vizcantar-ek emango dituenak daude: milaka urteko olibondoetara eramango gaituzte, haien historia, kultura eta tradizioa ezagutzeko eta, horrez gain, oliba-olioa zentzumenen bidez baloratzen ikasteko. Valladolidek lau ardoren inguruko ibilbideak egingo ditu: Ribera, Cigales, Rueda eta Toro. Bestalde, Axarquía Costa del Solek bertako ibilbideen zokoak azalduko ditu.

Basquetour-en proposamena Sagardoa Route izango da, Euskadiko sagardotegien elkarte batek bultzatutako proiektua, zeinak jarduera eta esperientzia gastronomikoen eskaintza interesgarria ere duena, horietako batzuk sagar uztaren denboraldia dela eta eskaini berriak.

Azkenik, eta bosgarren urtez, Mai Bier Experience izango da, erreferentzia gisa garagardoa duen festa tematiko bat, zeinak zuzenean Munichera eta bertako Oktoberfest mitikora eramango baikaitu. Azoka-esparruan, mende bat baino gehiagoko historia duen Alemaniako topaketa honetako giroa eta ohiturak biziko ditugu.

Gainera, aurten ere, Expovacaciones-ek 3 urtetik gorako haurrentzako ludoteka bat izango du, begirale eta guzti. Pabiloian egongo da, eta beUp-ek kudeatuko du; hots, aste honetan BEC-eko instalazioetan martxan jarri den kirol-zentro berria. Eremu horretan, adingabeek hainbat jardueraz gozatu ahal izango dute, helduek azoka bisitatzen duten bitartean. Ludoteka ostiral eta larunbatean egongo da irekita, 10_45etatik 14:00etara eta 15:15etatik 20:00etara. Igandean, 10:45etatik 14:30ra bitartean eta 15:30etatik 19:00etara.

Bilbao Exhibition Centre-k segurtasun-protokolo zorrotza aplikatuko du ekitaldiak dirauen bitartean, zeinarekin Espainiako Turismoaren Kalitaterako Institutuaren (ICTE) Safe Tourism Certified zigilua jaso baitzuen, azoka-esparrua eremu segurua dela ziurtatzen duen bereizgarria.

Expovacaciones-en edizio hau BECeko 1. pabiloian izango da, egun osoz: ostiralean eta larunbatean 10:30etik 20:00etara, eta igandean 10:30etik 19:00etara. Aurten, berritasun gisa, gonbidapena beharko da; webgune honetan daude eskuragarri: https://expovacaciones.bilbaoexhibitioncentre.com/eu/bisitatu/txartelak-eta-sarrerak/.

-ek idatzirik|2023-04-21T10:38:29+02:0028 de iraila de 2021|Albisteak|

Leave A Comment

Go to Top