Expovacaciones eta FVO azoken edizio berria asteburu honetan BEC-en

Maiatzaren 4tik 6ra, EXPOVACACIONES azokaren 39. edizioa egingo da Bilbao Exhibition Centreko 3.pabiloian. Publiko guztientzako azoka hau, aukera paregabea izango da estatuko eta nazioarteko ibilbide eta helmuga turistikoen arloko joera eta esperientzia interesgarrienak ezagutzeko, bai eta aisialdi eta denbora libreko aukerarik berritzaileenak ere.

Aurten, 262 enpresa erakusketari bilduko dira azokan, beren produktu eta zerbitzu turistiko ugariak aurkezteko. Hala, hiru egunez, han elkartuko dira dira handizkariak, bidaia-agentzietako ordezkariak, garraio-enpresak, erakunde ofizialak, turismo-enpresak, hotelak, kanpin- eta caravanning-enpresak eta higiezinen agentziak, besteak beste.

Joan den edizioari dagokionez, Caravaningari eskainitako gunearen hedapena nabarmentzen da.  Aurten, 26 marka baino gehiago egongo dira azokan, eta hainbat motatako ibilgailuak: Camperrak, Karabanak eta Autokarabanak. Denek ekarriko dituzte sektoreko azken joeren erakusgarriak, bai eta bidaiariak ibilgailu-mota honek eskaintzen duen askatasunaz ahalik eta gehien gozatzeko beharrezko osagai eta osagarriak ere.

Berritasuna dakar, aurten, Expovacacionesek: “I Torre BEC Extreme”. Kirol-proba hau, Bizkaiko Atletismo Federazioak babestua, maiatzaren 5ean egingo da, 16:30etik aurrera, eta BECeko dorrerako kronoeskalada da: 626 eskailera-maila eta 19 solairu igo beharko dira. Partaideak banan-banan aterako dira, 30 segundoan behin; 2. solairuan hasi eta dorreko terrazan amaituko dute. Orain arte, 70 lagunek eman dute izena. Bi kategoria izango dira, emakumezkoena eta gizonezkoena, eta lehenengo hiru sailkatuek eskuratuko dute saria.

Expovacaciones 2018ren inaugurazio ofiziala datorren maiatzaren 4an, ostiralean, izango da, goizeko 12:00etan, Alfredo Retortillo Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailburua mahaiburuaren eskutik.

AUTONOMIA-ERKIDEGO GUZTIAK ETA 10 ESTATU EXPOVACACIONES 2018N

Estatu-mailako opor-eskaintzan, 15 Autonomia Erkidego izango dira azokan, norbere lurraldeko helmuga eta elementu turistiko nabarmenenak aurkezteko: Euskadi, Galizia, Andaluzia, Asturiasko Printzerria, Kantabria, Errioxa, Murtzia, Valentziako Erkidegoa, Aragoi, Gaztela-Mantxa, Kanariak, Nafarroa, Balearrak, Madril eta Gaztela eta Leon.

Horiekin batera, hauek ere egongo dira: Costa Brava, Bartzelonako Diputazio Probintziala, Lleida eta Hospitalet (Katalunia), Cáceres (Extremadura), Medina de Pomar (Gaztela eta Leon), Piélagos (Kantabria), Gijón, Oviedo eta Avilés (Asturias), eta Huesca (Aragoi); hala, bisitariak Estatuko autonomia-erkidego guztien gaineko informazioa izango du.

Nazioarteko atalari dagokionez, Errumania izango da “Herrialde Gonbidatua”, edizio honetako erakargarri nagusietakoa. Gune berezi batean, herrialdea eta bertako eskualde nagusietako kultura sustatuko dira, alegia, Transilvaniako goi-lautadakoa, herrialdearen erdian; Karpatoetakoa, erdiko goi-lautada inguratuta Iparralde eta Hegoaldera hedatzen dena; eta Mendebaldeko eta Ekialdeko behealdeko lurraldeetakoa. Horrez gain, kultur jardueren egitarau zabala eta dastaketak eskainiko dira, bai eta hainbat erakusketa iraunkor ere: zurezko eskultura bat, ehun nahiz jantzi tradizionalak eta Pazkoako arrautza tradizionalak, eskuz margotuak eta apainduak.

Errumaniaz gain, Expovacaciones 2018n Argentina eta Txile, Kuba, Dominikar Errepublika, Portugal, Maroko, Japonia, Frantzia, Andorra eta Europako iparraldeko herrialdeak izango dira.

Nabarmendu beharra dago Dominikar Errepublikaren standean ron-dastaketak eta koktelak izango direla. Kubarenean, mojitoak eskainiko dira, eta musika eta dantza tradizional kubatarrekin girotuko dute. Portugalgo Loulé herriak bertako produktuen dastaketak eskainiko ditu, egunero: almendrazko tarta tradizionalak, almendraz beteriko pikuak eta likore tradizionalak.

JARDUERA-EGITARAU ZABALA

Azokan parte hartuko duten enpresa erakusketariek jarduera ugari antolatu dituzte, turismo- eta aisialdi-eskaintza ahalik eta modu erakargarri eta dinamikoenean aurkezteko.

Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat ekitaldi antolatu ditu. Besteak beste, Mungiako “Izenaduba Basoa” parkeko euskal mitologiako pertsonaien aurkezpena eta “Sardina freskue” arrain-enkantea, biak antzeztuak. Horrez gain, dastaketak eta aurkezpenak ere egingo ditu, besteren artean “Kaleka” Lekeitioko kaleko antzerkiaren Nazioarteko Jaialdiarena.

Maiatzaren 5ean, larunbatean, 13:00 eta 18:30 bitartean, Gironako Costa Bravaren standetik gertu, castell bat egingo du Marrecs de Salt taldeak, egun Girona probintzian jardunean dagoen colla castellera zaharrenak. Expovacacionesen, zazpi edo zortzi solairuko gazteluak egingo ditu. Munduan parekorik gabeko tradizio hau Gizateriaren Kultura Ondare Immaterial izendatu zen, 2010ean. Bestetik, Gironako Kanpinen Elkarteak fueta, Kataluniako produktu enblematikoenetakoa, dastatzeko aukera emango die bisitariei, baita Empordáko ardoa ere (eskualde hau asko hazten ari da ardogintzari eta ardo-turismoari dagokienez).

Kantabriako Autonomia Erkidegoaren proposamenaren baitan, El Soplao kobarako bisita birtuala nabarmentzen da, zeina 3D betaurrekoekin egingo den.

Nafarroak, Tierras de Iranzu Turismo Elkartearen eskutik, ardoen, artisau-hestebeteen, gaztaren, Patxaranaren eta artisau-erroskillen dastaketak eskainiko ditu, baita gatz ekologikoenak, Nafarroa JDko oliba-olio birjinarekin, eta ogi txigortuarenak ere.

Tierra Estella-Lizarraldearen standean, jarduera-egitarau zabala eskainiko da. Besteak beste, BTT Lizarraldea gunea nabarmendu behar da, bizikletaz egiteko 2.200 km-tik gorako eremua, eta dastaketa, zozketa eta gastronomiarekin eta ardo-turismoarekin loturiko jarduera ugari ere izango dira. Igandean, berritasun esanguratsuenetako bi izango dira: batetik, standa Lizarrako Erdi Aroko Asteaz girotuko da, eta, bestetik, artisau-produktu guztiz nafarren zentzumenen bidezko tailerrak egingo dira.

Andaluziak urdaiazpiko- eta olio-dastaketak eskainiko ditu, eta egunero bi ardo-benentzia egingo dira. Galiziak ere ardo-dastaketak egingo ditu, lurraldeko 5 JDak ekarrita: Rías Baixas, Ribeira Sacra, Ribeiro, Valdeorras eta Monterrei; ardoaz batera, gaileta mariñeirak banatuko ditu. Aragoik eta Errioxak ere ardo-dastaketak egingo dituzte.

Valentziako Erkidegoaren standean, laranja-zuku naturala eta artisau-hortxata dastatzeko aukera egongo da. Gainera, dantza-talde valentziar batek lurraldeko jantzi eta dantza bereizgarriak (jotak, seguidillak, boleroak eta fandangoak) erakutsiko dizkio publikoari.


BEHERAPENAK BIDAIETAN ETA ZOZKETAK

Aurreko edizioetan bezala, Eroski Viajes, Viajes Ikea eta Pisamundo biadaia-agentzien stand-etan bidaiak kontratatzen dituzten bisitariek %5eko gehigarrizko beherapena izango dute.

Hablaber, ostiraletik igandera bitartean, 20 zozketa inguru egingo dira Expovacaccionesen, zeinetan publiko orokorra zein turismoaren profesionalek parte hartu izango dute.

AURKEZPENAK, GASTRONOMIA ETA TURISMOA, ETA “MAI BIER EXPERIENCE”

Bigarren urtez jarraian, Expovacaciones azokan Aurkezpen Gunea izango dugu, non autonomia-erkidego eta hiri parte-hartzaileek beren lurraldeak eta oporretarako azkeneko proposamenak aurkeztuko dituzten. Gaztela Leonek, adibidez, ostiralean egingo du; larunbat goizean, Errioxaren txanda izango da, “Reino de Nájera” Erdi Aroko ikuskizunaren antzezpentxoaren bidez (2015ean, Kultura Intereseko Ondare izendatu zuten); larunbatean egingo dituzte, halaber, Gaztela-Mantxak eta Kanariar Uharteek beren aurkezpenak (azkenekoak “Tenerife, el límite lo pones tú” ekarriko du, eta, igandean, “La Gomera, una gema en el Atlántico”); azkenik, Segurako Bainuetxeak osasuna hobetzeko aholkuak emango ditu.

Azokan, berriro izango dugu “Gastronomia eta Turismoa” gunea, iaz aurrenekoz eginda arrakasta itzela eduki zuena. Iazko edizioan izandako autonomia-erkidegoez gain – Galizia, Asturias, Euskadi eta Katalunia -, aurten Kantabria, Gaztela eta Leon eta Andaluzia egongo dira. Bakoitzak bere lurraldeko produktu bereizgarrienak eskainiko dizkie bisitariei: Galiziak olagarroa galiziar erara, Asturiasek Cabrales gazta, Kataluniak cava, Euskadik taloa, Kantabriak bertako antxoa ospetsuak, Jaének olio paregabea eta Leonek zezina.

Gastronomia eremuaren ondoan, “Kirol Aktiboaren Turismo Gunea” egongo da, non korrika egiteko bi makinatan bisitariek bertatik bertara bizi ahal izango duten aisialdiaz, osasunaz, soziabilitateaz, modaz… bestela gozatu ahal izateko turismoa egiteko esperientzia.

Era berean, eta laugarren urtez jarraian, “Mai Bier Experience” ardoaren festa ospatuko da. Ekintza honen bidez, Oktoberfesteko giroan murgiltzeko aukera izango dute bisitariek. Hortaz, azokak dirauen hiru egunetan zehar Alemanian ohikoak diren produktuak dastatzeko aukera izango dute, besteak beste, saltxitxak, txerri-ukondoa, edota hain ezaguna den sagar-strudel postrea. Alemaniar Paulaner garagardoa dastatzeko aukera izango dute ere, bere 3 aldaera ezagunenetan. Gainera, agertoki batean, “Ein Prosit Polka” duoak Mai Bier Experience girotuko du.

ORDUTEGIAK ETA SALNEURRIAK

Expovacaciones azokaren sarrerak 5€ko salneurria du, eta flyer deskontuarekin, edota Ikea Family, Gazte Txartela eta Hirukide txartelekin 4€koa. Bi sarrerek saltxitxak dastatzeko txartel bat dute barne, 3,50€eko balioarekin, zeina “Mai Bien Experience” aldatu ahal izango dute.  10 urte arteko umeentzako sarrera doakoa da.

Bisita-ordutegia 11:00etatik 20:30etara da ostiral eta larunbatean, eta igandean 19:00ak arte irekita egongo da.

AUKERAKO IBILGAILUEN AZOKA BUELTAN DA

Maiatzaren 3tik 6ra, Aukerako Ibilgailuen Azokak Bilbao Exhibition Centreko 5. eta 6. Pabiloietan Bizkaiko kontzesionario eta salerosketa nagusiak bilduko ditu. Horiek horrela,  eskaintza oso zabala eskainiko dute deskontu garrantzitsuekin: auto erdi-berriak, gerentziako ibilgailuak, flotetakoak eta rentingekoak, eta zero kilometrodunak. Azokak, 34 enpresa erakusketari eta 1.500 ibilgailu baino gehiagok osatuko dute.

Azokara gerturatzen diren bisitariek ibilgailuak probatzeko aukera izango dute, hala nola, finantzaketa kudeatzeko ere. Azokaren azken edizioan, 727 ibilgailu saldu ziren, erakusketan zeudenen % 47 inguru.
Erakusketaren ordutegia 11:00etatik 20:30etara izango da, ordutegi jarraian. Sarrera doakoa da.

Azoka, El Correo eta Bilbao Exhibition Centrel antolatzen dute, eta Kutxabank-en laguntza du.

-ek idatzirik|2019-04-03T09:54:19+02:006 de abendua de 2015|Albisteak|

Leave A Comment

Go to Top